Azterketak euskaraz manifestazioa
Baxoa Euskaraz : manifestaldia urtarrilaren 24ean, 3etan Baionako Xaho Kaian
Hautetsiak eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak baikor itzuli dira Pariseko bilkuratik. Blanquer ministroaren Baxoko erreforma, hizkuntz gutiagotuak kontutan hartu gabe egin zela aitortu omen du Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroak. Baxoan, hizkuntza gutiagotuak kontutan hartuko dituen aldaketak azterktzeko prest agertu omen da. Baina aldaketak, izatekotan, 2027 urtean egiteko mentura litzateke.
Hitz ederrez haratago, ekintzak behar ditugu eta berehala ! Azken bi urtetan 7 Hezkuntza ministro izan dira. Frantziako egoera politiko ezegonkorra ikusirik, nork daki noiz arte iraunen duen gaur egungo Hezkuntza ministroak ? Elisabeth Bornek ere aldaketak egiteko borondatea ba omen zuen joan den irailean, baina deus egiteko astirik izan gabe, lekutu zuten.
Ministroak eta errektoreak adierazi duten bezala, aitzinapausuak emateko borondate ona baldin badute, ekainean gutienez Matematikako azterketa berria euskaraz egin dadin posible egin behar dute. Matematikako azterketaren aginduak ez du azterketaren hizkuntza zein den zehazten, beraz ez da lege edo erreglamendu aldaketarik egin beharrik. Aski da zuzentzaileak elebidunak izan daitezen segurtatzea. Errektoreak eta EEPk, hiru sareetan lanean ari diren matematikako irakasle euskaldunen zerrenda badute. Brebetarendako egiten duten bezala, aski da zuzentzaile elebidunak konbokatzea.
Euskalzaleak, familiak, herritarrak eta hautetsiak heien desadostasuna adieraztera gomitatzen ditugu, heldu den larunbatean, urtarrilaren 24an. Azken asteetan euskara eta euskal kulturaren kontrako erasoak etengabeak dira : EEPren aitzinkondua mugatzea, Euskal Kultur Erakundearen aitzinkondua murriztea, auzitegietan euskaraz mintzatzeko debekua, euskal hedabideen finantzamendu murrizketaren mehatxuak, prefetak Ipar Euskal Herriko hautetsiei bidali gutuna. Euskarari Trabarik Ez ! Badakigu manifestaldi bat 10 eguneko epean antolatzea arriskugarri dela. Baina euskarak aitzina egitea nahi badugu, halako hitzorduak ezin dira hutsegin, eta denen ahalegina ezinbestekoa da.
📣Manifestaldia
đź—“ Urtarrilaren 24an, larunbatez
đź•’Arratsaldeko 15:00etan
📍 Xaho Kaian, Baionan